XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Harrapakaritza Espeziearteko harremana, animalia batzuk beste batzuk janez bizitzea.

Harrapakaritza. Populazio batek (harrapakariarenak), bere elikadura (energia eta materia) lortzeko beste espezie baten populazioa (harrapakinarena) ustiatzeari esaten zaio harrapakaritza.

Harrapakariek beren harrapakina guztiz jaten dute edo gutxienez harrapakariek, zergatik ez dute agortzen beren harrapakinen populazioa?.

Argi dago erantzuna, agortuko balute, beraiek ere gosez hilko lirateke, ez bait lukete janaririk izango.

Demagun bi espezie bakarrik dauzkan harrapakari / harrapakin sistema teoriko bat, non espezie batak bestea jaten duen; adibidez, untxia eta azeria.

Sistema honek bere inguruneko beste elementuekin izan ditzakeen gainerantzeko elkarreraginak kontutan hartu gabe, era honetan funtzionatuko luke: untxi-populazioa handitzen denean, azeriek janari gehiago dute eta hauen populazioa ere handitu egiten da.

Azeri-kopuruaren gehikuntza honek untxien artean hilketa handia ekartzen du, eta janari-gutxitzearen ondorioz, azeri-populazioa ere txikiagotu egiten da; azken fenomeno hau onuragarria izango da untxi-populazioarentzat, zeinen berriztapen-denbora laburragoa bait da.

Zibernetikan mekanismo honi feedback edo atzeraeraginezko kontrola deritzo: kausa baten (azerien gehikuntza) ondorioak (untxien gutxitzea) kausa beraren gain (azeri-kopurua) eragina dauka beste ondorio bat sortuz (azerien gutxitzea) (ik. ird.).

Prozesu honek populazioen tamainei oszilazioak ezartzen dizkie, bata bestearekin desfasatuak izanik, eta periodikoki errepikatzen direnak.

Populazio harrapakariaren eraginez harrapakinaren populazioa erregulatzen da estabilizatuz, hots, batezbesteko balio jakin baten inguruan mugituz.

Eredu honetan ez da aipatu espezie bakoitzak beste espezie askorekin duen zenbait elkarreragin; izan ere, errealitatean eta oro har, oszilazio hauek askoz konplikatuagoak izaten dira.

Ia garai berean, baina bakoitzak bere aldetik, 1925ean Lotka fisikariak eta 1926an Volterra matematikariak, elkarreraginean diharduten bi populazioren dinamika formulatu zuten; bereziki, harrapakari / harrapakin erlazioa eta baliabide berdinengatik lehiatzen diren bi espezierena.

Lotka-Volterra-ren harrapakari / harrapakin erlazioaren eredua ondoko bi proposizio sinple hauetan oinarritzen da: 1) harrapakariaren gehitze-tasa eta harrapakin-kopurua zuzenki proportzionalak dira eta, 2) harrapakinaren heriotza-tasa eta harrapakariaren ugaritasuna ere zuzenki proportzionalak dira.

Volterrak, geroago, erlazio hauetan gehiago sakondu zuen, eta honen ondorioz, geroztik enpirikoki baieztatuak izan ziren zenbait ondorio interes handiko deduzitu zituen bere eredutik.

Adib. ondorio hauetariko bat zera da: oszilazioen periodoak eta anplitudeak harrapakinaren gehitze-tasaren eta harrapakariaren heriotza-tasaren menpe daude.

Tasa hauek aldatzen ez badira, bi organismoen batezbesteko ugaritasunak konstanteak dira eta gainera, elkarreragina hasterakoan zeuden ugaritasunetatik independenteak.

Formulazio hau oso interesgarria da, adibidez arrantzan, arrantzako ahalegina harrapakaritzat eta arrainen populazioa harrapakintzat hartzen direnean.

Arrantzaren intentsitatea handitzean, hartutako arrain-kopurua murriztu egiten da arrantza errentagarri ez izatera iritsi arte; orduan, ustiapena txikiagotzen da eta arrainen populazioa errekuperatzen.

Gorabehera hauek arrainen gehitze-tasaren eta errentagarritasunaren edo arrantzako ontzitaldea mantentzeko kostuen menpeko dira; gorabeherak periodo txikikoak dira espezieak bizitza laburrekoak eta oso emankorrak baldin badira, edo arrantzaleek beste era batera bizitza aurrera ateratzeko aukerak erraz aurki baditzakete, arrantza-ahalegina erregulatuz.

Askotan, baleen kasuan eta, gizakiak egiten duen ustiapenak baliabidearen suntsidura eta ustiapenaren inefikazia sor dezake.

1945.etik balea ugari izan dira hilak, baina gero eta olio gutxiago produzitzen da.

Itsasontzietan lortutako potentziaren gehikuntzak ez du efikazia hobetu.

Era berean, zetazeo-mota honen arrantza intentsiboak, espezie honek ugaltzeko behar dituen periodoak kontutan hartu gabe eginak, zera ekarri du: ale-kopurua izugarri gutxitzea eta, gaur egun balea urdina galzorian aurkitzea.

Lotka-Volterra-ren eredutik ondorioztatzen den beste konklusio bat hauxe da: bai harrapakinaren populazioa eta baita harrapakariarena ere suntsitzen duen edozein faktoreren ekintzak harrapakin-kopuruaren gehikuntza eta harrapakari-kopuruaren gutxitzea sortzen du.

Arau honen interes praktikoa oso handia da.

Adibidez, intsektuen zenbait izurri borrokatzeko DDT intsektizida unibertsala erabili zenean, kasu batzuetan sortu zena izurriaren gehikuntza izan zen.